Martxoak 3, Sanfermines78 Gogoan eta Egiari Zor Fundazioko ordezkariek, sarea osatzen duten 14 erakunde memorialisten izenean, Udaleko gizarte-politiken batzordean parte hartu dute gaur goizean. Bertan, dinamika abian jartzeko printzipioen inguruan mintzatu dira udal ordezkarien aurrean: bizikidetzak planteatzen dituen erronkei diskriminaziorik gabe eta gertatu denaren ikuspegi integralarekin heltzeko beharra.
Modu honetara, pasa den abenduan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere, abian jarritako dinamikari jarraipena eman zaio, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionala abian jartzeak dakarren planteamendu baztertzailea eta bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako erasoa salatzea asmo duena.
Ordezkariek azaldu dutenez, datozen asteetan ekimen gehiago ere aurreikusten dituzte. Zehazki, hezkuntza munduko eragileekin bilera erronda bat egingo dutela aditzera eman dute, komunitate hau bizikidetza modu inklusiboan eta ez-diskriminatzailean jorratzearen garrantziaz kontzientziatzeko eta haren babesa eskatzeko.