Prentsaurrekoan irakurritako hitzartzea:
"Memoria osoa bizikidetzaren alde, giza eskubideen urraketen arteko diskriminazioari ez" lelopean, Memoria Osoa sareko ordezkariek, giza eskubideen urraketa guztiak aintzat hartzen dituen memoria integralaren alde lanean dihardugun eragileon sareak, dei egiten diegu Euskal Herriko kolektibo eta norbanakoei ekainaren 1ean, 12.00etan, Gasteizko Foru plazan deitu dugun elkarretaratzean parte hartzera.
Memoria Osoa sarea 2020ko abenduaren 10ean aurkeztu genuen, memoria eta gatazkaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketak ikuspegi integral eta ez-diskriminatzaile batetik lantzeko beharra aldarrikatzeko helburuarekin.
Sare hau osatzen dugun talde memorialistok ordutik salatu izan dugu Gasteizen eraikitako "Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa" bizikidetzaren aurkako erasoa dela, planteamendu baztertzaile batean oinarritzen delako: Estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten ditu. Besteak beste, zentro horrek bere edukiak antolatzeko erreferentziatzat hartzen duen data 1960a da. Data hori guztiz ausazkoa da diktadura frankistaren erdian, eta ez dator bat estatu-terrorismoak bere forma ugarietan lehenago eta geroago eragindako sufrimenduaren mapan jaso behar den errealitatearekin: fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, tortura...
Asko dira gurean indarkeria-adierazpen anitzek eragin dituzten zauriak, gatazka-hamarkada luzeetan. Ez ditugu ahaztu nahi eta ezin ditugu ahaztu pairatu ditugun giza eskubideen urraketa horiek guztiak. Baina tamalez, gaurkoan, gure memoria kolektiboa modu zatikatuan jorratzen duen eta errealitatearen zati handi bat baztertzen duen zentro bat nola zabalduko duten ikusi beharrean gaude.
Hori arazo bat da bizikidetzarako. Une historiko honetan, giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika eraikitzaileak, integralak, behar ditugu.
Memoria Osoa sareak uste du bakea eta bizikidetza eraikitzeko abiapuntua beti izan behar dela pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea.
Gizarte osoaren erantzukizuna da, eta botere publikoen betebeharra, bizikidetza adiskidetsu eta demokratikoa sustatzea. Jatorri ezberdinetako indarkeriek hamarkada luzeetan zehar eragindako tragediaren oroimenak balio behar du bermatzeko berriz horrelakorik ez dela errepikatuko. Denok sufritu dugulako tragedia hori.
Bizikidetzak ezinbestean exigitzen du gizarte osoak bere burua ordezkatuta sentituko duen ekimenak abian jartzea. Inola ere ezin da isilarazi alde batek bizi duen errealitatea.
Horregatik guztiagatik, Biktimen Memorial Zentro honen planteamendu diskriminatzailea arbuiatzen dugu, euskal gizarteak, bere aniztasunetik, bizikidetza eraikitzeko prozesuaren inguruan adierazi duen espiritu eta bokazioari kontrajartzen zaiolako. Bizikidetzaren oinarrian behar dute egon jasandako sufrimendu guztiekiko errespetuak, bazterketarik gabeko pertsona guztien giza eskubideekiko konpromisoak eta gertatutako guztiaren memoriak, ez errepikatzearen bermatzaile gisa.
Hori dela eta, ekainaren 1ean, Terrorismoaren Biktimen Zentro Memoriala inauguratzeko egunean, Foru Plazan egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten dugu, honako hau helarazteko: